XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

9.7.- AURRESATE-ERRORE STANDARDA 9.7.1.- SARRERA

Aurreko puntuetan aipatu zen bezala, lagin baten sakabanatze-diagrama, erregresio-zuzenaren bidez ordezkatzen badugu, lagina matematizatua gertatzen da, matematizatze horrek dituen abantail eta desabantail guztiekin.

Abantailak aipatuak izan dira.

Azter ditzagun orain bada, sinplifikazio horrek sortarazten dituen arazoak.

Arazo handiena, errore bat sortzea da.

Sakabanatze-diagramaren puntu-hodeia, zuzen batez ordezkatzen bada erraz ikusten da, (normalki) ia puntu guztiak zuzenetik kanpo daudela, eta ondorioz, puntu guztiak zuzen baten barnean daudela suposatzeak, errore bat ekartzen digu.

Puntu horiek, batzutan zuzenaren gainean eta beste batzutan zuzenaren azpian egongo dira.

Erregresio-zuzena egoki aukeratua (kalkulatua) izan bada, puntu guzti horien erroreen batura, minimoa izango da eta horregatik lortutako zuzena, doiketa hobereneko zuzena dela, esaten da.

Erregresio-zuzenaren bidez aurresateak egiten ditugunean beraz, errore bat sortzen da, zeren eta X jakinik, emandako Y-ren balioa, erregresio-zuzenean dagoela suposatzen bait dugu (aurresatea, erregresio-zuzenaren ekuazioaren bidez ematen bait dugu), eta errealitatean normalki puntuak zuzen horretatik kanpo kokatzen dira.

Beraz, aurresateak egiterakoan garrantzi handikoa da egin den errorearen neurketa bat ematea.

Arazo hau sakonkiago aztertzeko bi kasu aipatuko ditugu.